Atzealdea Oieleku: Euskara eta Natura
Hizkuntzak ikuspegia irudikatzen du eta paisaiak mintzaira eratzen. Izadiaren eta euskararen arteko lotura estua da, gurean, gizakiaren eta naturaren arteko elkarrekikotasuna ez delako atzo goizekoa, aspaldikoa baizik.
Euskararen eta naturaren arteko harremanaren lekuko dira, adibidez, tokien izenak nahiz klimak eta urtaroen urtetik urterako gorabeherek izaki bizidunetan duten eragina biltzen duten errefrauak. Bestalde, azken urteotan «hizkuntza ekologia» izenarekin ezagutzen den azterbideak gero eta indar gehiago du.
Hizkuntzaren eta izadiaren arteko lotura hertsia mintzagaitzat (aitzakiatzat) hartuta, Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak txangoa antolatu du Oiartzunen, zehazkiro Oieleku inguruan, martxoaren 26an. Nornahik egiteko modukoa da eta Luis Mari Zaldua Etxabe euskalariak gidatuko du.
Paisaiaren xehetasunak, lekuen deizioak, landareen izenak, urtaroei buruzko esaerak, koloreen ñabardurak, ahozko tradizioa, gizakiaren urratsa..., horiek izango dira, besteak beste, bidean zehar erabiliko diren auzi edo gaiak.
Ingurumenarekiko errespetua ez ezen, natura ezagutzearen «erabilgarritasuna» azpimarratu nahi da, egunerokotasunean batik bat, horretarako nekazariek eta abeltzainek aipatu jakintza hori nola erabili duten ikusiz. Lurrari kasu egiten ikasten hasteko, ibilbidean zehar, izaki bizidunak eta kultur paisaiak ikusi ahala, gidariak azalpenak emango ditu, galde-erantzunak erabiliz.
Abiapuntua eta helmuga Artikutza bidean dagoen Kausoko aparkalekutxoa izango da eta geldiune nagusietariko bat Oieleku, paisaia zirraragarriz inguraturiko paga-motz apartak eta mairu-baratze zoragarriak dauden txoko benetan berezia. Txangoak hiru bat ordu iraungo ditu eta bere prezioa 5€koa izango da. Joan nahi duenarentzat, hitzordua goizeko 10etan da. Ezinbestekoa da aldez aurretik izena ematea.
Informazio gehiago eskuratzeko: arditurri@gipuzkoanatura.eus / www. gipuzkoanatura.eus / 943 495069.