Atzealdea Ondarreko historiaurreko aztarnak

2020 / 07 / 25
aurrehistoriako aztarnak

(Ataun, 2020/07/09) Aralar betidanik izan da gizakien bizitoki. Natura eta gizakiaren arteko oreka gune eta aro desberdinen arteko trantsizio puntu. Guzti horren lekuko, historiaurreko aztarna ugari iritsi zaizkigu. Horren adibide paregabea Ondarreko harantxoan dugu. Lizarrustiko parketxetik (Ataundik) oinez joanda ordubete ingurura. 

Gutxi dira Euskal Herrian Historiaurreko hainbeste aztarna aurkitu diren tokiak eta are gutxiago gaurdaino hain ondo gorde dituztenak. Adibidez, Aralarren aurkituriko giza aztarna zaharrenak eta baita Aralarko cromlech bakanetako bat ere. 

Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioak ibilaldi gidatua antolatu du uztailaren 25erako (larunbatarekin) Ondarreko Historiaurreko aztarnak ezagutzeko. Gainera, hauek induskatutako Joxean Mujika adituaren eskutik ezagutuko ditugu. EHU-ko irakaslea izateaz gain, arkeologo beasaindar honek urte asko daramatza bertako indusketak zuzentzeko lanetan.

Irteera gidaturako abiapuntua 9:00etan izango da Lizarrustiko parketxetik. Itzulera-ordua 14:00etarako aurreikusten da. Herritar heldu guztiei dago zuzendua txangoa (12 urtetik gorako haurrentzat ere bai). Azalpenak euskaraz emango dira. Izena emateko edo informazio gehiago jasotzeko: barandiaran@gipuzkoanatura.eus  / 943 180 335 / 688 895 069
 

Informazio gehiago