Atzealdea Pagoeta natura-parkearen eguna ekainaren 7an

2026 / 06 / 07

Pagoeta natura-parkearen eguna ospatuko da ekainaren 7an, Pagoeta gainean

  • Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Aiako Udalak elkarlanean antolatuta, aurten ekitaldiak bat egingo du urtero ekaineko lehen igandean ospatzen den "Pagoeta Eguna" tradizionalarekin.
  • Egitarauak pottoka erakustaldia, hegazti askapena, makila borroka eta trikiti eskaintza zabala bilduko ditu goiz osoan zehar.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea departamentuak eta Aiako Udalak «Pagoeta natura-parkearen eguna» antolatu dute bigarren aldiz ekainaren 7rako (igandea). 2024an abiatutako ekimen honek natura-parkearen garrantzia aitortzea eta hango ondarea herritarrei ezagutzera ematea du helburu. Aurten, gainera, ospakizuna indartu egingo da, urtero data hauetan Pagoeta gainean egiten den herri-erromeriarekin uztartuko baita.

Pagoetako natura-parkea 1998an izendatu zen eta 13 kilometro koadroko azalera du. Gure natur eta kultur ondarearen arteko loturaren erakusleiho paregabea da, mendeetan zehar abeltzaintzak, basolanek, burdingintzak eta nekazaritzak itxuratutako paisaia baita. Mendiko larre eta zelai hauek, berezkoak diruditen arren, gizakiaren jarduerak sortutako eta mantendutako altxor preziatuak dira.

Egitarau zabala Pagoeta gainean Eguneko hitzordua goizeko 9:00tan izango da Aiako plazan. Bertatik, parte-hartzaileak oinez igoko dira Pagoeta gaineraino, Gipuzkoako Parketxe Sareko hezitzaile baten laguntzarekin.

Behin tontorrera iritsita, honako ekintzak egongo dira 10:15etatik aurrera:

  • Pottokak harrapa-lekuan ikusteko aukera eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkartearen azalpenak.
  • Basabizi zentroaren (fauna berreskuratzeko zentroa) lanari buruzko azalpenak eta bertan sendatutako hegaztiak askatuko ditu basozain batek.
  • "Euskal makila borroka" erakustaldia Oiartzungo taldearen eskutik.

12:00etatik aurrera: trikitia eta musika giroa Zarauzko TRIK kultur elkarteko gazteekin.

Goiz osoan zehar izango da zer edan eta zer jan Zarauzko Pagoeta Elkartearen eskutik.

13:00: itzulera Aia aldera, 14:00ak aldera plazara iristeko.

Gomendioak eta oharrak antolatzaileek gogorarazten dute mendian ibiltzeko oinetako aproposak eta ura eramatea komeni dela. Era berean, ingurune natural baten barruan gaudela kontuan hartuta, txakurrak lotuta eraman beharko dira uneoro. Aiako plazan aparkalekua mugatua denez, ahal den neurrian garraio publikoa erabiltzea edo autoak partekatzea gomendatzen da.

Ekimen honekin, Gipuzkoako Foru Aldundiak Natura 2000 Sarearen eta Europako Natura Parkeen egunak ere gogorarazi nahi ditu, Pagoeta bezalako guneen kontserbazioa ezinbestekoa baita lurraldearen oreka berderako.

Pagoeta Natura Parkearen eguna kartela