Atzealdea Programazio berezia Aste Santurako Gipuzkoako parketxeetan
Aurtengoan ere Aste Santuan eta Pazko astean programazio berezia izango da Gipuzkoako Parketxeetan. Aukera ona da, beraz, etxetik atera eta natura-parkeetara hurbiltzeko eta Probintziako kultur paisaiez gozatzeko. Jarduerek osasun arloko arau zein gomendioak bete eta aintzat hartuko dituzte alde eta aldi oro. Programazioak bi atal nagusi ditu, familientzat espresuki prestaturiko jolasak eta herritar guztiei zuzenduta daudenak.
Familientzat atondutako jolasek orientazioaren hastapenak eta natura-aisia uztartzen dituzte. Gaiak ez dira berak izango parketxe guztietan. Hain zuzen, meatzaritza paisaiak (Arditurri), lorategi botanikoa zein erleak (Iturraran), mitologia (Barandiaran museoa), basoa (Anduetza) eta ibilbide irisgarria (Arantzazu) izango dituzte ardatz. Guztietan familiek orientazioaren oinarriak ikasiko dituzte eta zenbait arrasto eta lagungarri aintzat hartu eta jarraitu beharko dituzte ibilbidea burutzeko.
Horrez gainera, era askotako beste aktibitate batzuk ere egongo dira parketxeetan, beti ere talde txikietan egingo direnak. Arditurrin (Oiartzunen) tren berdea ibiliko da apirilaren 10ean eta meategietara bisita gidatuak egongo dira egunero. Iturraranen Arrano etxean sendatutako urubiak askatuko dira apirilaren 3an eta Agorregiko burdinola eta errotak martxan ikusteko aukera izango da jai egun guztietan. Barandiaran museoan (Ataunen) bisita bereziak izango dira jai egunetan eta errotatxoa martxan jarriko da. Anduetza parketxean (Zegaman) basoaren kulturari buruzko bisita gidatua egiteko aukera egongo da eta, azkenik, Arantzazun (Oñatin) ere bisita gidatuak izango dira parketxean.
Jarduera horietan guztietan parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da izena ematea. Horretarako eta bakoitzaren xehetasunak (egunak, orduak, adinak..) jakiteko parketxe bakoitzera dei edo idatz daiteke.