Atzealdea Sara etxea eta Barandiaran Museoa bisitatzeko aukera azaroaren 19an
Milaka bisitari igaro dira jada Ataungo Barandiaran museotik, zabaldu zuten 2010. urteaz geroztik. Oraingoan, eskaintza berezi-berezia prestatu dute, museoaz gain, Jose Migel Barandiaran bizi izan zen Sara etxea ere bisitatzeko aukera izango baitute herritarrek azaroaren 19an. Ataungo udalaren, JM Barandiaran fundazioaren eta Gipuzkoako Parketxe Sarea fundazioaren arteko lankidetzarekin gauzatu den ekimen haonek abuztuan izan zuen abiapuntua.
Bisita gidatuek Ataungo San Gregorio auzoan kokatua dagoen Barandiaran museoan izango dute abiapuntua goizeko 11:00etan eta, han, hasteko, Jose Migelen bizitzaren eta lanaren gako nagusiak azalduko dira, ikus-entzunezkoen eta gidariaren azalpenen bitartez. Jarraian, 10-15 minutuko ibilaldia egingo dute herri bidetik Sara etxeraino; Barandiaranen etxea eta bere eguneroko bizitzako txokoak zein objektuak ezagutuko dituzte han. Joandako bidetik itzuliz, museoan emango zaio amaiera, bi ordu inguruko saioa osatuz.
Jose Migel Barandiaran erbestean bizi izan zen 17 urtez (1936-1953), Lapurdin bizi ere, horietako hamairu Sara herrian. 1953ko urrian itzuli zen jaioterrira eta Murkondo auzoan Sarako Bidartea etxea eredutzat hartuta egindako etxean eman zituen hil arteko urteak (1991), Pilar ilobarekin.