Atzealdea Sartu kobara!

2024 / 03 / 31
Sartu kobara!

Lizarrustiko parketxetik abiatuta, poliki-poliki Aralarko erraietara eramango gaituen bideari ekingo diogu. Paseatzeko leku ezin aproposagoa da garai batean animaliek tiratutako bagoneta bat ibiltzen zen bide lau honetan. Pagadi zabala, bidezidor atsegina, erreka, arroila eta txondor plazaren bat aurkituko ditugu bidean. Eta, azkenik, Lareo urtegiko ingurune ederretara helduko gara.

Handik gertu, zailtasunik gabeko espeleologia esperientzia bat bizitzeko aukera izango dugu, hagin baten azpian kokatzen den Lareoko kobazuloan barneratuko garelarik. Aspaldi gure mendiotan bizi izandako gizakien azalean jarri ahal izango gara estalaktitaz eta estalagmitaz inguratuta gauden bitartean. Kobetako giroa oso berezia da, hezetasun altua eta tenperatura egonkorra dute urte osoan zehar; honi esker sabaitik erortzen den urak egitura bereziak sortzen ditu.