Atzealdea Txorien soinu-bandaz gozatzen Donostiako Ametzagaña parkean

Udaberria hastearekin batera, naturaren esnatzea antzematen da ingurunean. Zuhaitzak hosto berriak eta loreak botatzen ari dira; narrastiak ezkutalekuetatik irten eta eguzkiaren berotasun bila hasi dira; txorien soinu-bandaz gozatzeko unerik egokiena da: zozoak martxoan hasi dira habiak egiten eta haien kantu ederrekin esnatzen gara, enarak iritsi dira gurera Afrikatik, haien populazioak beheranzko joera azaltzen badu ere, txantxangorriak aztoratuta dabiltza norbere lurraldea zaintzen... Baina, inguruan ditugun zenbat txorien kantu ezagutzen ditugu? Ba al dakigu zergatik egiten duten kantuan? Arrek eta emeek berdin egiten al dute?...
Naturarekin harremanetan jartzea, plazera izateaz gain osasungarria ere bada eta txorien mundura hurbiltzea esku-eskura daukagun aukera da, gainera, haien ezagueran sakontzeak ingurunea zaintzearen garrantziaz sentiberatzen lagunduko digu, besteak beste.
Martxoaren 28an, larunbatarekin, txori-kantuak ezagutzeko saioa antolatu du Gipuzkoako Parketxe sareak Ametzagaña parkean, Donostian. Mikel Olano basozaina izango da saioaren gidaria. Inguruetatik ibilaldi erraz bat egingo dugu eta Olanoren laguntzarekin, txorien espezie ugari identifikatuko ditugu, bakoitzaren bizimoduari buruzko bitxikeriak azaltzen dizkigun bitartean. Mikel Olano, Euskal Herriko punta-puntako aditua da; daukan ezaguera-maila harrigarriari, komunikatzeko gaitasun aparta erantsi behar zaio. Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, aurrez izena eman behar da eta 6€-ko prezioa (4€ 12 urtetik beherakoek) du. Elkargunea UBA Hostel aterpetxean izango da.