Atzealdea Udako egitaraua Gipuzkoako parketxeetan - ABUZTUA

2021 / 08 / 01
JARDUERAK ABUZTUA

Sarritan esan ohi da mendia eta itsasoa elkarren ondoan egotea dela Gipuzkoaren ezaugarri erakargarrienetako bat. Hondartzara joatea, baina, ez da eginkizun erraza izaten behin baino gehiagotan. Hasteko, ahal dela, eguraldi eguzkitsua izatea komeni da; gero, (ordaindutako) aparkalekua aurkitu behar da edo, bestela, jendez gainezka doan autobus edo trena hartu. Hori gutxi balitz, osasun egoera dela-eta, tokia aurkitu behar da hondartza bete baino lehen, beti ere itsasbeheran, jakina.

Hondartzarekin alderatuz gero, mendiak baditu hainbat abantaila: ez du zertan giro eguzkitsua izan behar; are gehiago, eskatzen hasita, hobe pixka bat lainotua badago. Arruntean, ez da aparkatzeko arazorik izaten, perretxiko sasoia ez bada edo elurtea ez badago behintzat. Eta, hori bai, nahi adina leku izaten da, ez dago eragozpenik alde horretatik, ezta ondokoen zaratak aztoratzeko arriskurik ere.

Gure inguruko mendiek, zer esanik natura-parkeek, eskaintzen duten erosotasuna aprobetxatu nahi dutenentzat, Gipuzkoako parketxeetan egitarau oparoa dago uda honetan, adin tarte eta zaletasun guztientzat ezin egokiagoa dena.

Iparraldetik hasiz gero, Oiartzungo Arditurriko meategietara tren berdean joan daiteke uztaileko eta abuztuko zenbait egunetan, baita alderdi hartan mineralen bila ibili ere. Aiako harriko natura-parketik atera gabe, Errenteriako Listorreta inguruan oraingoan, Amaia Agoteren laguntzarekin, baso bainuak hartzeko aukera izango da. Halaber, udako abenturen barruan, saguzarrei behatzeko jarduera burutuko da, tresneria berezi eta guzti. Arrano etxean sendatutako hegaztiak askatzeko saioa ere ospatuko da. Azkenik, Hernani-Urnietan dagoen Muniskuegañeko gune megalitikora joateko parada izango dute nahi dutenek, Urumeako zilegimendietan barrena joan ere.

Pagoeta natura-parkean erleen unibertso zirraragarria bertatik bertara erakutsiko zaie Iturraranera hurbiltzen diren guztiei. Basoko animalien arrastoak ezagutzen ikasteko jarduera eta baso bainuak ere izango da parketxe hartan. Ondoan dagoen Agorregiko burdinola eta errotetara bisitak ez dira faltako, betiko moduan.

Ataunen, baso bainuez gainera, Lizarrustiko paisaia ehundu duten zuhaitz magikoez gozatzeko ibilaldia burutuko da eta, Aralarko natura-parkean bertan, ezkutuko paradisu txikia den Zaldibiako Osinberdeko errekan gozatua hartu ahal izango du hala nahi duenak.

Zegamako Anduetza parketxean badago zer ikusi eta zer ikasi, besteak beste, Aizkorri-Aratz natura-parkean dagoen Leizarrateko (San Adriango) sekretuak erakutsiko direlako, nola, eta han lanean ari diren arkeologoen eskutik!. Eta Arantzazun zer? Alderdi hartako paisaia liluragarri bezain adierazkorrak sentitzeko jarduera; bada zerbait. 

Hori guztia gutxi balitz, lau natura-parkeetako parketxe guztietan familientzat bereziki egokiak diren orientazio jolasak izango dira, tokian-tokian gai ezberdinak ardatz izango dituztenak. Esan gabe doa jarduera horietan guztietan osasun egoerak beharturiko neurri guztiak beteko direla eta izena ematea ezinbestekoa dela, betiere bisitariei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko.