Atzealdea Uraren bideari jarraituz

2023 / 06 / 18
Uraren bideari jarraituz

Naturaren osagai ezinbesteko den uraren alorra hartu eta Zegama aldean beraren azalbideak ikusteko moduko ibilaldia antolatu du Anduetza Parketxeak datorren iganderako.

Ura, esan bezala, izadian agertu eta bere ondorioak ekartzen dituen fenomeno nabarmena dugu. Mendian makina bat leku eta egoeratan azaldu ohi zaigu. Ibilaldian horietako bat bete-betean ezagutu eta ikusteko parada izango da; askorentzat nahikoa ezezagun eta bitxia izango den ur gaziaren iturburu bat sartu da, beraz, egin beharreko bidean. Ur hori baliatu ere baliatu izan da giza beharrizanetarako.

Era berean, urak goitik behera amiltzean duen indarra ere erabili izan da aspaldidanik; argi indarra etorri da hortik, konparazio baterako, eta Zegaman bada orain ere hori erakusteko moduko lekukotzarik.

Urak erliebearen forma batzuk sortu eta osatzeko indarra ere badu; baina berak ere moldatu beharra dauka orografiaren kapritxoetara. Dinamika horrek gure erliebe malkartsuan eragin handia du eta interesgarria da hori Aizkorri aldenik alde zeharkatzen duen uraren banalerroan ikustea. Are gehiago, banalerro hori nolabait menderatu eta ezerezteko asmoz aurrera eraman nahi izan diren proiektu batzuk gertutik ezagutzea.