Atzealdea Mirua berriro aske hegan Pagoetan otsailaren 9an

2022an Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lurralde Oreka Berdea Departamentuak zehazkiro, Basabizi zentroa ireki zuen Urnietan. Behinolako Arrano Etxearen lekukoa hartu du.
Basabiziren egitekoa Gipuzkoako basa-fauna berreskuratzea da, animalia zaurituak birgaitzea eta sendatzea, berriro ingurune naturalera itzuli ahal daitezen.
Hain zuzen ere, otsailaren 9an, igandea, Basabizi zentroan sendatutako miru gorria askatuko da Aian, Pagoeta natura-parkean, Iturrarango parketxean.
Galzorian dagoen Miru gorria (Milvus milvus) berriz ere, libre-libre, hegan ikusiko dugu. Haizearen indarra baliatuz hegan dotorezia handiz egiten duen hegaztia da miru gorria, abilezia handiz eta ia indarrik egin gabe ordu pila igaro ditzakeena. Bere V itxurako buztanagatik erraz identifikatzen delako eta neguan zeruan ikus dezakegun harrapari bakanetariko bat delako hegazti oso ezaguna da berau.
Saioan Aldundiko Basa Animali eta Landareen Zerbitzuko teknikariek (basozainek) askatuko diren hegaztiei, Basabizi zentroan egiten den lanari eta zauritutako animalia bat aurkitzean egin beharrekoari buruzko azalpenak emango dituzte.
Hitzordua goizeko 11:30etan izango da eta ezinbestekoa da izena ematea. Saioa euskaraz izango da. Prezioa: 3 €. Parte hartzeko, 943835389 zenbakietara deitu edota iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera mezua idatzi behar da aldez aurretik.