Atzealdea VI. MITOALDIA

2023 / 09 / 09
aurkezpen argazkia

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen eta Euskal Herrian, Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazki, ahozko tradizioa paperean bilduz, altxor handia utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, pertsonaia eta istorio mitologikoak ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

MITOALDIA Jentilbaratza Kultur Elkartearen, Barandiaran Museoaren eta Ataungo Udalaren arteko lankidetzari esker gauzatzen da. Ez da gaurkoa, urteak daramatzagu elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berrerabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpentxoa egiten. Galtzeko arriskuan dagoen ONDARE EZ MATERIAL horri eutsi eta bultzatu nahiak sortu zuen MITOALDIA izeneko ziklo hau. Aurreko urteetako erantzuna ikusita, aurten berriro ere sendotuta eta handituta dakarkigu proiektua. Labur mintzatuz, Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia izatea nahiko genuke.

Antolatu dugun VI. MITOALDIA, irailaren 9an abiatuko da eta urriaren 21ean amaituko da. Ekitaldi desberdinak eta zaleen interesari erantzungo dielakoan gaude.

Ikusi hemen programa osoa