Atzealdea VII. Mitoaldia

2024 / 06 / 15
Mitoaldia 2024

Mitologia, ipuin edo kontu fantastiko sorta ez ezik, errealitatea esplikatzen duten argibideen multzoa da. Bizimodua arautzeko balio ez duenean baizik ez da bilakatzen mitologia kontu edo ipuin fantastiko bilduma, baina, orduan ere, ematen duen informazioa aintzat hartzeko modukoa da. Izan ere, beste azalpenik ezean, gertakari naturalei aurre egiteko nahiz euren buruak lasaitzeko, mitoak herritarrei ingurunea ulertzen lagundu dien lanabesa izan dira mendeetan zehar.

Ataunen Joxe Migel Barandiaranek lan handia egin zuen mitologiaren transmisio soka eten ez zedin. Zehazkiro, ahozko tradizioa paperean bilduz altxorra utzi zion herriari eta horri esker, esate baterako, Jentilen Etorrera edota Gau Ibilaldi Mitologikoa ospatuz, Ataungo hainbat txoko eta istorio mitologiko ezagutarazten dira urtero herritarren zein bisitarien artean Jentilbaratza Kultur Elkartearen eskutik.

Aipatu jarduerak antolatzen dituen Jentilbaratza Kultur Elkartearen eta Barandiaran Museoaren arteko lankidetza ez da gaurkoa; urteak daramatzagu elkarlanean, beti ere euskal ondarearen berrabiltzean, ingurumen sentikortzearen sustapenean eta Ataunen osoko garapenean ekarpentxoa egiteko itxaropenarekin. Lankidetza giro horri eusteko eta aipatu helburuak aitzineratzen jarraitzeko MITOALDIA izeneko ekimen sendoa jarri genuen abian Jentilbaratza Kultur Elkarteak eta Barandiaran Museoak Ataungo Udalaren laguntzarekin.

Labur mintzatuz, Ataun Euskal Herriko mitologiaren erreferentzia nagusi izan dadin nahi dugu eta, hain zuzen, horrexegatik antolatu dugu aurtengoan ere VII. Mitoaldia, ekainaren 15etik uztailaren 13ra. Irteera eta ibilaldi gidatu bereziak, hitzaldiak, udalekuentzat tailer bereziak... egongo dira guztion eskura datozen egunetan!