Egun lau natura-parke daude Gipuzkoan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta eta Aiako harria, lurraldearen %15 baino gehiago harrapatzen dutenak.
Benetako kultur paisaiez ari gara, gure ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezina erakusten eta balioesten dutenak. Ez alferrik, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan errealitate fisiko konplexuak, gizatiartuak, sortzen dituenean, orduan, kultur paisaiez hitz egin genezake, eta Gipuzkoa, gizakiak hainbat milurtekotan taxututako mendi-erliebeekin, kultur paisaia bat zer den adierazten duen adibide garbi-garbia da.
Natura-parkeetako interpretazio eta harrera zentroak Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak kudeatzen ditu.
Deba eta Zumaia arteko itsasertz babestu honek 8 kilometro inguru eta 4.299 hektareako azalera du. Biotopoak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu. Ikus www.geoparkea.com