Egun lau natura-parke daude Gipuzkoan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta eta Aiako harria, lurraldearen %15 baino gehiago harrapatzen dutenak.
Benetako kultur paisaiez ari gara, gure ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezina erakusten eta balioesten dutenak. Ez alferrik, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan errealitate fisiko konplexuak, gizatiartuak, sortzen dituenean, orduan, kultur paisaiez hitz egin genezake, eta Gipuzkoa, gizakiak hainbat milurtekotan taxututako mendi-erliebeekin, kultur paisaia bat zer den adierazten duen adibide garbi-garbia da.
Natura-parkeetako interpretazio eta harrera zentroak Gipuzkoako Parketxe Sarea Fundazioak kudeatzen ditu.
Nafarroako mugatik eta Andoaingo herriguneraino, meandrotik meandrora modu sigi-sagatsuan doan erreka eta haren inguruko eremua barneratzen duen biotopoa da. Bai flora zein faunaren ikuspuntutik oso aberatsa den ingurua da, eremu urtar zein lehortarra uztartzen baititu. Biotopoa ordea, ez dago guztiz isolatuta, paisaia eta ingurune jakin baten osagaia besterik ez da. Hau da, Leitzarango bailarak, bere osotasunean duen ondarea oso handia da, bai natura zein kulturaren ikuspegitik. Horregatik, Biotopoaren ezaugarriak bailara osoaren aberasgarri dira, eta era berean, bailararen ezaugarriek ere biotopoa aberasten dute. Natura-ondarea oso garrantzitsua bada ere, urte askotan zehar errekak pairaturiko giza-jarduerek, historiaz beteriko arrastoak utzi zituzten, eta gaurdaino iritsi dira.