Ausa - Gaztelu ibilbidea
Ibilbide honek gerturatuko gaitu Ausa-Gaztelu mendiaren puntan dauden gotorlekuaren aztarnetara, Larraitzeko aisialdi gunetik ez oso urrun eta, bide batez, beste garai batzuetara ere bai. XIII. mendean eraiki zen gotorleku itxurako egitura hau, zelatari edo zaindari postu bat zen Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko mugan. Artxiboko dokumentuetan ageri denez, azienda nafarrak bazkatzen ziren garai haietan Aralarko barrutietan, eta Gaztelako indarrak sartzen ziren haiek bahitzera. Talaiatik, adarren soinua baliatuz, abisua ematen zen aziendak bildu eta toki lasaiago batzuetara erretiratzeko. Panoramika zoragarria da.
Enirio bidea
Igaratza eta Enirio gune esanguratsuak dira Aralarren. Artzain kutsu handiko lekuak biak, Goierriko behe lautadak Aralarko punturik altuenekin eta, batez ere, Nafarroarekin lotzeko bide naturalak izan dira. Maiziegierrekaren ibilgua gertutik jarraitzen duen bide honek baliabide ugari ditu bere baitan: larre zabalak, artzain bordak, elorriak, pagadiak eta garai batean ustiatutako meatzeak dira, besteak beste, bideak erakutsiko dizkizunak.
Alotza bidea
Igaratzatik Pikuetara bitarteko ibilbide honek Aralarko gunerik berezienetako bat zeharkatzen du, Alotzako goi-lautada, hain zuzen. 1.200 m-ko altueran, udan ardi, behi eta behorrak nagusitzen dira hemen. Neguan, aldiz, elurra eta isiltasuna. Sinbologia handiko eremu hau haitzek eta larreek marrazten dute, eta paisaia zinez berezia sortzen dute. Milaka urtetan abeltzain eta artzainen lurraldea, bi zutarrik mugatua dago: Irazustakoa mendebaldean eta Saltarrikoa ekialdean.
Sandratiko balkoia
Gipuzkoan pasabide mitikorik bada, San Adriangoa da (Sandrati) zalantzarik gabe, izan ere, Erdi Aroan bertatik pasatzen zen Gaztela Europarekin lotzen zuen bide nagusia. Diotenez, Espainiako erregeak berak (Karlos I.ak) burua makurtu behar izan zuen bertakoen aurrean. Egun, pasabide honek garai hartan zuen garrantzia estrategikorik ez badu ere, mendian ibilaldi bat egin nahi duenarentzako ezinbesteko tokia da San Adrian.
Otsaurteko artzain bideak
Apirila eta azaro bitartean, artaldeak eta behorrak egoten dira Garagartzako txabolen inguruan. Ibilbide honetako gune nagusia da Garagartzako saroia. Oskarbi dagoenean ikusgarria da hango ikuspegia. Noski, halako bide batean ezinbestekoa da benta bat. Otsaurten dagoena ezaguna da, eta makina bat istorio kontatuko zizkioten artzainek elkarri, artaldeekin Garagartzan egonaldi luzeak egin aurretik eta ondoren. Oraindik ere, Ultzamako bidetik igotzen dira artzainak aziendekin ardiak eta behorrak udan bazka dezaten.
Aizkorbeko urak jarraituz
Urola Garaiaren muturretako batean gaude eta mendiek jasotzen dituzten uren emariak nahieran doaz haran batera edo bestera. Aizkorbe inguruetan nabarmena da hori, errekatxo eta ubide artean. Urari etekin osoa ateratzen zaio hemen: tokiko pago ederrak elikatzen ditu euriak, eta inguru honetan eraikitako urtegiak hornitzen ditu inguruko biztanleak.
Aizkorbeko burdinaren bidea
Burdinak ekarri zituen kanpotik ingelesak eta alemaniarrak Zeraingo Burdinaren Mendira. XX. mende erdi arte ustiatu ziren mendien barrunbeak. Jarduera horrek aztarna eta istorio ugari sortu zituen, baita historia oparoa ere. Zeraindarrek mimo handiarekin zaintzen dituzte herriaren izana, oraina eta etorkizuna, eta egun pasa ederra egin liteke ibilbide honen inguruan.
Aizkorriko ataria
Aizkorriko Atari den Zegamatik abiatuz, antzina erromes, bidaiari eta gudariek jarraitu zuten bidea duzu honakoa. Kontserbazio bereziko eremu izendatua izan den Oria ibaia izango duzu bidelagun lehen kilometroetan eta Aizkorri magaleko baso, larre, ermita zein artzain - etxolena ondoren.
Partzoneriako basoak
Gipuzkoako eta Arabako Partzoneria Orokorra Gipuzkoako Lurralde Historikoan dago, eta kideak dira Gipuzkoako Idiazabal, Segura, Zegama eta Zerain herriak, eta Arabako Donemiliaga eta Asparrena herriak. Bere ondarea Altzaniako, Urbiako eta Oltzako mendiek osatzen dute. Partzoneria tokiko erakunde bat da, eta espazio komunal honetaz gozatzeko baldintzak bermatzeko ardura dauka. Ibilbide honetan Partzoneriako basoak eta bertako mendiko larreak ezagutzeko aukera izango duzu.