Kanaleko ibilbidea (Billabona)
Billabonan hasiko dugun ibilbide honen ezaugarririk nagusiena ura da. Lehenik eta behin Lasturgo atsedenlekua gurutzatzen duen errekatxoarengatik, eta gero joan-etorri guztian lagunduko digun ur-kanalarengatik. Ezin aipatu gabe utzi Billabonaren jatorria izan zen Amasa auzo xarmagarria ere bisitatuko dugula.
Aduna-Belkoain
Aduna herrian emango ditugu lehen pausuak eta berehala baso itxian murgilduko gara. Arbola-mota desberdin ugari aurkituko ditugu gure bidean; dena den, azpimarratzekoa da zeharkatuko dugun sekuoia-basoa. Belkoain tontorraren inguruetan aztarnategi arkeologikoak ere topatuko ditugu.
Zuloagatik Urkizura (Tolosa)
Tolosako kaletik ekingo diogu txango literario-poetiko honi. Oinez gorantz egin ahala, auzoek eta basoek arinduko dute aldatsaren nekea; gero Lizardiren olerki-zatitxoek gogoraziko digute paraje horren xarma; eta Urkizu auzora hurbiltzean, ikuspegiak zeharo bereganatuko gaitu.
Belabietako bidea (Ibarra)
Izaskungo elizatxotik abiaturik, Uzturre tontorra inguratuko dugu ibilera samur eta erosoan. Lehenengo Berastegi aldeko bistek eta gero Tolosa eta Anoetakoek aseta utziko gaituzte.
Albizturgo bideak
Albizturgo herriaren kokaleku den kare-haitzezko bailaratxotik zehar itzuli bat da honako hau. Lehenengo zatian ondo mantendutako herri-kaskoa bera eta inguruko baserriak dira aipagarrienak eta, gorantz goazen heinean, basoak sortzen dituen txokotxoek liluratuko gaituzte.
Aginaga(Alkiza)
Alkizan hasi eta inguruan sakabanatuta dauden baserrietan zehar ibiliko gara pasio errez bat burutuz.
Ausa - Gaztelu ibilbidea
Ibilbide honek gerturatuko gaitu Ausa-Gaztelu mendiaren puntan dauden gotorlekuaren aztarnetara, Larraitzeko aisialdi gunetik ez oso urrun eta, bide batez, beste garai batzuetara ere bai. XIII. mendean eraiki zen gotorleku itxurako egitura hau, zelatari edo zaindari postu bat zen Gaztelako eta Nafarroako erresumen arteko mugan. Artxiboko dokumentuetan ageri denez, azienda nafarrak bazkatzen ziren garai haietan Aralarko barrutietan, eta Gaztelako indarrak sartzen ziren haiek bahitzera. Talaiatik, adarren soinua baliatuz, abisua ematen zen aziendak bildu eta toki lasaiago batzuetara erretiratzeko. Panoramika zoragarria da.
Txindoki ibilbidea
Aralarko paisaia desberdinak topatuko ditugu ibilaldi luze bezain zoragarri honetan. San Martingo elizatik abiatuta, baserri ingurunetik igaroko gara lehendabizi eta Larraitzko aisia-gunea atzean utzita, Txindoki mendiaren lehen aldatzetan, Goierri eta Tolosaldea bailarak irekiko zaizkigu parez pare: herribildu txikiak, baserriak, soroak eta Ibiur urtegia. Txindokira hurbildu ahala, goiko larreak agertuko zaizkigu, eta paisaiaz gozatuko dugu; lizarrez inguratutako artzain bordak eskorta eta guzti. Azkenik, behera egingo dugu baso bideetan barrena, pinudi eta harizti artean.
Meatze bidea
Bertako jendeak 'Mina bidea' deritzo harkaizti malkartsu hauetan irekitzen den bide estu honi. Mendeetan meatzaritza zeharo garrantzitsua izan zen amezketarrentzat. 1732an hasi ziren Arritzagako meatzeak ustiatzen eta XX. mendera arte jarraitu zuten. Bada dokumenturik esaten duenik, ustiapen garairik onenetan 300 pertsona inguru biltzen zirela Arritzagako lan horietara. Eliza eta apaiza ere ba omen zituzten bertan. Aurrean duzun bide honetan barrena mugitzen zen jendea, bertatik garraiatzen zituzten elikagai eta beharrezko zuten generoa. Bertatik ekartzen zuten lurretik ateratako minerala. Hainbat eta hainbat baliabide aurki ditzakezu bidean, zoaz arretaz Arritzagako errekaren ibilguari jarraiki eta gune paregabe honetaz gozatzeko aukera izango duzu.