Faunaren ibilbidea
Pottokak, betizuak, orkatzak, oreinak... ikusiko ditugu. Pottokak eta betizuak desagertzeko zorian dauden etxeko animaliak dira, basoko fauna izan zena etxekotzearen lekuko biziak. Familia guztiak goza lezake ikuskizuna, etxeko txikienek batez ere. Ibilbidea baso naturalen eta landatuen artetik igarotzen da, eta Laurgaingo santutxoak babesten ditu inguruak.
Pagoetari bira
Pagoetako mendiaren oinera inguratzean, kultur eta natur ondareak sortutako sinbiosia antzeman dezakegu. Baso artean, ikusiko ditugu elur-zuloak, failak eta haginak. Goiko eta beheko larreen antzinako bideetatik, Altzolara bidean, Urola Kostako paisaiaren ikuspegi zabala izango dugu aurrean.
Pagoetako gurutzea
Auzo eta hirigune txiki ugarik osatzen duten arren, hedaduran Gipuzkoako herri handienetakoa da Aia. Ibilbide osoa herriko lurretan barrena doa, Urdaneta auzo txikitik, Aiako erdigunera. Bidean, hainbat ikuspuntutatik, paisaia ederrez gozatzeko aukera izango duzu eta natur eta historia altxor ugarirekin egingo duzu topo.
Altxor geologikoa
Zumaiako flyscha liburu geologiko bat da, 50 milioi urte baino gehiagoko historia kontatzen duena. Algorri ibilbidea San Telmo ermitatik abiatu eta, ibili errazean, historia luze honen atal mamitsuenean barneratzen da: Paleozenoa. Han aurkituko ditugu dinosaurioak desagertu ziren garaien aztarnak edo aspaldiko aldaketa klimatikoenak. Denboran zehar atzera egingo dugu urrats bakoitzean, iraganaren detektibe izango gara eta planetaren etorkizunari buruzko gogoetak piztuko zaizkigu.
Aizkorbeko urak jarraituz
Urola Garaiaren muturretako batean gaude eta mendiek jasotzen dituzten uren emariak nahieran doaz haran batera edo bestera. Aizkorbe inguruetan nabarmena da hori, errekatxo eta ubide artean. Urari etekin osoa ateratzen zaio hemen: tokiko pago ederrak elikatzen ditu euriak, eta inguru honetan eraikitako urtegiak hornitzen ditu inguruko biztanleak.
Aizkorbeko burdinaren bidea
Burdinak ekarri zituen kanpotik ingelesak eta alemaniarrak Zeraingo Burdinaren Mendira. XX. mende erdi arte ustiatu ziren mendien barrunbeak. Jarduera horrek aztarna eta istorio ugari sortu zituen, baita historia oparoa ere. Zeraindarrek mimo handiarekin zaintzen dituzte herriaren izana, oraina eta etorkizuna, eta egun pasa ederra egin liteke ibilbide honen inguruan.
Gaztaren Ibilbidea: Segura - Mirandaola
Aralarko eta Aizkorri-Arazko Natur Parkeak lotzen dituen Ibilbide Luze (GR) zirkular honek gaztaren ekoizpenean dauden arlo desberdinak ikusteko aukera ematen du: artaldeek bazkatzen duten zelaietatik hasita, haien esnearekin egindako gazta saltzen den merkatuetaraino. Bidean artzain-txabolak, saroiak, bentak, artzaintzaren eta gaztaren museoak eta artzain eskola aurkitzen dira. Baita ere, artzainen bizitza- eta heriotzarekin lotura zuzena duten hainbat megalito. Horretaz gain, burdinola- eta meatze-arrastoak, santutegiak eta elizak eta beste hainbeste giza eraikin ere ikusgai dira.
Gaztaren Ibilbidea: Mirandaola - Arantzazu
Aralarko eta Aizkorri-Arazko Natur Parkeak lotzen dituen Ibilbide Luze (GR) zirkular honek gaztaren ekoizpenean dauden arlo desberdinak ikusteko aukera ematen du: artaldeek bazkatzen duten zelaietatik hasita, haien esnearekin egindako gazta saltzen den merkatuetaraino. Bidean artzain-txabolak, saroiak, bentak, artzaintzaren eta gaztaren museoak eta artzain eskola aurkitzen dira. Baita ere, artzainen bizitza- eta heriotzarekin lotura zuzena duten hainbat megalito. Horretaz gain, burdinola- eta meatze-arrastoak, santutegiak eta elizak eta beste hainbeste giza eraikin ere ikusgai dira.

Orio - Itxaspe
Ibilbide hau Orioko behe aldeko ingurunearen adierazgarria da, ibaiaren ondokoa, eta desnibel gutxi duenez ez du zailtasun handirik. Mendi bira hau erloju orratzen kontrako zentzuan egitea proposatzen da, gune historikotik (Kale Nagusia) abiatu eta San Martin baselizara igoz. Ondoren, A-8 (Txanka) autopista zeharkatzeko bidean pixka bat jaitsi, eta autopista igarotakoan ezkerretara doan bidexka batetik igo. Bidexkaren amaieran igotzen den lehen errepidea hartu eta lehen bide aldaketan ezkerretara hartu. Hemendik aurrera bidea jarraitu besterik ez dago Itxaspe baserrira iritsi arte, Orioko Udalerrian itsasora begira dagoen baserri bakarra. Bidean zehar hainbat begiratoki ikusiko ditugu, garai batean arrantzarako eta defentsarako erabiltzen zirenak. Azkenik, Itxaspetik Antillako hondartzara jaitsiko gara, eta Orioko erriberatik zehar gune historikora iritsi.