Sustraia
Zarauztik irteten bagara, ibilbide hau San Pelaio errekaren parean doa, itsasoratzeko lekura iritsi arte. Iñurritzako Biotopo Babestua inguratu eta Talaimendira igoko gara. Hemendik, Orioko Oribarzarreko hondartza lasaira jaitsiko gara. Oria ibaiaren itsasadarraren ondotik jarraitu eta eskuinera biratuko dugu, hegoalderantz, Aiako herrira.
Basustagaña
Ibilbide zirkularra da. Zumaiatik urrundu gabe landabideetatik barrena doan ibilaldi atsegin eta erraz honetan, Basustagainako muinora iritsiko gara (74 m). Tontor horretatik Urola ibaiaren azken zatia eta Zumaia bera ikusiko ditugu.
Izarraizko Bira
"Izarraizko bira" osatzen dute, alde batetik, izen bereko mendikateari magal erdiko altueran itzulia ematen dion ibilbide zirkularrak eta, bestetik, bertara heltzea ahalbidetzen duten hiru loturek; Azpeitikoak, Azkoitikoak eta Zestoakoak. Azkoitiko lotura Azkoitiko Balda plazan hasten da eta Aitzgaña baserri inguruko bidegurutzean elkartzen da zati zirkularrarekin. Zestoako lotura Zestoako Zubizarrean hasten da eta Ondarbaso baserri inguruko bidegurutzean elkartzen da zati zirkularrarekin. Azpeitiko lotura berriz, Izarraizko Atea parkean hasten da eta Urreta txiki baserri inguruko bidegurutzean elkartzen da zati zirkularrarekin. Lotura nagusi horiez gain, Aitolako aparkalekua/aisialekuak hasiera -amaiera puntu estrategikoa da, zuzenean ibilbidearen zati zirkularrera batu eta loturak (igoera/jaitsiera handieneko zatiak) ekidin nahi izanez gero
Sagarraren bidea
Errezilek badu herri gisa ospea ematen dion tokiko produktua, herriaren izen bereko barietatea edo Errezilen bertan Ibarbia bezala ezagutzen dugun sagarra. Bailara honetako baserrietako sagastietan ekoiztu, eta urteen poderioz sortutako sagar barietatea da, mahairako kalitatezko sagarra, gordinik edo erreta jateko. Ibilbide honetan sagar honen sekretuak ezagutuko ditugu.
Txakolinaren bidea
Kostaldeko hiru herri, Zumaia, Getaria eta Zarautz, barrualdeko zenbait auzo eta herrirekin lotzen ditu ibilbide zirkular honek, hala nola Urdaneta eta Aizarnazabalekin. Gure ibilbidearen abiapuntua herri horietako edozein izan daiteke, eta nahi dugun norabidea har dezakegu hortik. Belardi, baso eta mahasti txikien artean egingo dugu bidea, eskualdeak txakolingintzan duen tradizioaren lekuko. Gora egingo dugu barrualdera sartu ahala, eta auzo ederrak bisitatuko ditugu bidean, Elkano, Urdaneta, Saiatz, Zubialde eta Oikia, esate baterako. Urola ibaiaren ertzetara ere eramango gaitu bidezidorrak.
Pagoetako hagina
Ibilbide honetan aurkitu ahal izango dituzu Pagoetako haginak eta LIFE BACCATA proiektuak zer lan egiten ari den horiek babesteko. Argi gehiago sar dadin basoa bakandu den guneetan, ikusiko dituzu haginak leheneratuta (landare gazteak), baita harekin batera egon ohi diren beste espezie batzuk ere: erratz, gorosti eta elorri zuria.