Landarezaleek apirilaren azkeneko asteburua gorriz markatua dute beraien egutegietan, Iturraranera gerturatzeko ordua da. Pagoeta Natura Parkean, Aian (Gipuzkoa), Iturrarango Lorategi Botanikoan, oso ekitaldi berezia ospatzen da: Landare Berezien Azoka.
Pagoeta Natura Parkearen helburu nagusienetako bat, inguruan ematen diren ohiko bizimoduen kontserbazio eta sustapenerako laguntza bat izatea da. Helburu horri loturik jarri zen abian Landare Berezien Azoka.
Iturrarango azoka ez da ohiko landare azoka. Salmentan eta erakusgai dauden landareen kalitatea eta barietatea lehenesten dira. Behar bezala etiketatuta, erosketa aukera zabala aurkezten zaigu: oso bereziak diren tomate landareak, antzinako larros barietateak, bonsai ikusgarriak, zentzua galtzeko moduko landare haragijaleak, beste mundu batekoak diruditen bromeliak, lore-erraboilak, bildumako zitrikoak, palmondoak, kameliak, landare bizikorrak, klima mediterraneoko landareak....
Parte hartzen duten mintegiak, barietate zaharrak edota erabiltzen ez direnak kontserbatzeko grinarekin "mintegi-saltzaile bildumazaleak" izateaz harro daude. Hitzordu berde honi jarraiki, Iturraranera beraien altxor partikularraren bila doazen zaleen gozamenerako genero bakoitzeko alerik hoberenak hautatzen dituzte, pedigridun landareak erosteko aukera emanez.
Historia
2003. urtean, azoka egitarau bat jarri zen martxan, ekoizleek festa giro batean beraien produktuak plazaratu zitzaten. Etapa berri hau, urtean behin ospatzen den Landare Berezien Azokarekin hasi genuen. 2024an, Landare Berezien 20. Azoka ospatuko dugu. Urte guzti hauetan egindako lanaren ondoren, azokaren zain irrikitan egoten den publiko zabal bat sortzea lortu da eta hauekin dugun harremananari eutsi nahi diogu, bai erosle eta baita mintegizale partehartzaileekin ere.
Landare Berezien Azokaren 20. edizioa 2024ko apirilaren 27an eta 28an ospatuko da.
Landare Berezien Azokaren hasierako helburua Pagoeta Natura Parkea ezagutzera eman eta landare eta lore aukera zabal bat eskaintzea izan da, gure baratzetan, leihoetan eta lorategietan ezagutzen ez direnak, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen eskulangintzako jarduerak erabiliz bakarrik lortzen direnak.