Alert Aiako Harria. Baso ustiaketa bat egiten ari dira Urdaburu inguruan. Hori dela eta, PR-Gi 1001 eta PR-Gi 1003 ibilbideak itxitzat emango dira. Arretaz ibili Oberaun inguruan.

Aiako harria Natura Parkeak 6.913 hektareako azalera du eta, 800 metrotik gorako granitozko hiru tontorrek, oso itxura berezia marrazten dute: Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide. Paleozoikoan sorturiko mendigunea izanik, Gipuzkoako materialik zaharrenak barneratzen ditu.

Sustatzailea: GFA Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza
 

Natura-parkeko ibilbideak

Natura-parkeko parketxeak

Arditurri (Aiako harria)

Parketxea Aiako harria natura parkeko sarbideetako batean dago, Oiartzunen egon ere. Arditurrin meatze paisaia erabatekoaz goza daiteke, oraindik ikusgai baitira zerura irekitako harrobiak, zabortegiak, plano inklinatu zein lur-berdinketak, meatzeen sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea (gaur egun bide berdea dena). Gizakiaren aztarna are nabarmenagoa da lurrazpian, kilometroak dituzten galeriak baitaude.

Arditurriko meazuloak 2.000 urtez (Erromatar inperioaren garaitik) jarraian ustiatu dira, 1984an Real Compañía Asturiana de Minas delakoak lanak bertan behera utzi zituen arte, meatzaritza arloko lanek ez baitute etenik izan ia. Aurkitutako aztarnek agerian utzi dute, gainera, erromatarrak iritsi aurretik ekin zitzaiola mea ateratzeari. 2008an meatzeetako laborategiaren eraikin zaharra interpretazio zentro bihurtu zen. Ordutik, informazio euskarri modernoen bitartez, Aiako harria natura parkeko ondarearen aberastasuna modu bizi eta didaktikoan ezagutzera ematen da han.

Informazio gehiago