Egun lau natura-parke daude Gipuzkoan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta eta Aiako Harria, lurraldearen %15 baino gehiago harrapatzen dutenak.
Benetako kultur paisaiez ari gara, gure ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezina erakusten eta balioesten dutenak. Ez alferrik, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan errealitate fisiko konplexuak, gizatiartuak, sortzen dituenean, orduan, kultur paisaiez hitz egin genezake, eta Gipuzkoa, gizakiak hainbat milurtekotan taxututako mendi-erliebeekin, kultur paisaia bat zer den adierazten duen adibide garbi-garbia da.
Natura-parkeetako interpretazio eta harrera zentroak Gipuzkoako Gipuzkoanaturak kudeatzen ditu.

Aizkorri-Aratz Natura Parkea Euskal Autonomia Erkidegoko mendilerro garrantzitsuenetako batean dago. Guztira 15.919 hektareako azalera hartzen du, eta Altzania, Aratz, Aizkorri, Urkilla, Elgea eta Zaraia mendiguneak barne hartzen ditu. Mendilerroko eta Euskal Autonomia Erkidegoko tontorrik garaiena Aitxuri da, 1.551 metroko garaierarekin.
Mendilerro honek Bizkaiko Golkoaren eta Mediterraneoaren arteko uren banalerroa osatzen du. Bertan sortzen dira Gipuzkoako ibai nagusietako hiru: Deba, Urola eta Oria.
Klima menditarra da: neguak hotzak eta udak epelak izaten dira. Urteko prezipitazioak 1.100 mm ingurukoak dira haranetan, eta 2.000 mm ingurura irits daitezke gune garaienetan.
Geologia eta paisaia
Aizkorri-Aratzek erliebe malkartsua du, nagusiki kareharriz osatua. Paisaiaren ezaugarri nabarmenetako bat fenomeno karstikoen ugaritasuna da. Horien ondorioz, lurpeko drainatze-sare zabala garatu da, haitzulo eta barrunbe ugari sortuz.
Parkearen azalera osoaren % 60 inguru Herri Onurako Mendiek osatzen dute. Natura-parkeak hainbat udalerri hartzen ditu bere baitan: Gipuzkoan, Aretxabaleta, Eskoriatza, Legazpi, Leintz Gatzaga, Oñati, Zegama eta Zerain; Araban, berriz, Asparrena, Barrundia, Donemiliaga eta Zalduondo. Horiez gain, Gipuzkoa eta Arabako Partzuergo Orokorraren eta Apota-Ubarrundiako Partzuergoaren lurrak ere parkearen barruan daude.

Landaredia eta habitatak
Jatorrizko basoek azalera handiak hartzen dituzte natura-parkean. Gipuzkoako isurialdean pagadi kaltzikolak eta pagadi azidofiloak dira nagusi, eta haietan oraindik ere nabarmenak dira iraganeko ikazkintza-jardueren aztarnak.
Elgea-Urkilla mendilerroaren Arabako isurialdean ameztiak (Quercus pyrenaica) dira bereizgarri nagusiak; goialdeetan, berriz, haritz kandugabea (Quercus petraea) ageri da.
Aloña-Aizkorri eta Zaraiako kareharrizko harkaiztiek eta gailur-lerroek mendiko flora aberatsa eta interes biogeografiko handikoa gordetzen dute. Urkulu, Araotz eta Arantzazu inguruan, berriz, baserriak ugariak dira, inguruko zelai eta laborantza-sailekin batera.
Koniferoen landaketek —intsinis pinua, larizio pinua, pinu gorria eta pinu zuria— Elgea-Urkilla mendilerroaren bi isurialdeetako azalera handiak hartzen dituzte.
Fauna
Faunaren artean, anfibioen ordezkari aipagarriena gailurretako uhandrea da, eta baliteke iberiar baso-igela ere bertan bizitzea.
Hegazti errupikolen artean belatz handia, sai arrea, sai zuria, belatxinga mokohoria eta belatxinga mokogorria nabarmentzen dira. Larre harritsu eta goi-mendietako habitatetan, berriz, mendi-tuntuna, mendi-txirta, harkaitz-zozo gorria eta elur-lursagua aurki daitezke.
Parkea bereziki garrantzitsua da saguzarrentzat ere, baso naturalen hedadurari eta haitzulo ugariek eskaintzen duten babesari esker.
Bestalde, pagadi, harizti, amezti eta erkameztietan ugaztun urriak bizi dira, hala nola lepahoria, ipurtatsa eta basakatua.
Ondare kulturala
Parkearen barruan interes arkeologiko handiko eremu ugari daude. Horien artean monumentu megalitiko ugari nabarmentzen dira, eta haietako hainbat kultura-ondasun gisa kalifikatuta edo inbentariatuta daude.
Babes-figura eta erabilerak
Aizkorri-Aratz Natura Parkea 2006an izendatu zen ofizialki naturgune babestu. Horrez gain, Natura 2000 Sarearen barruan dago, Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) gisa.
Lurzoruaren erabilera nagusiak basogintza eta abeltzaintza dira, aisialdiko eta mendiko jarduerekin batera. Inguru hau latxa ardiaren artzaintzarako Euskal Herriko gune nagusietako bat da. Ardiez gain, behi-azienda eta zaldiak ere ugariak dira, mendian sakabanatutako artzain-etxolekin batera.
Arantzazuko santutegia parke barruko interes turistiko eta kulturaleko gune nagusietako bat da.
Beste baliabide batzuk
Aizkorri-Aratz hegazti migratzaileen pasabide garrantzitsua da. Horregatik, ehiza-postu ugari daude, batez ere usoak eta birigarroak ehizatzeko.
Parkearen barruan hiru urtegi daude gaur egun, eta natur baliabideak energia berriztagarriak ekoizteko ere baliatzen dira. Horretarako bi sistema nagusi erabiltzen dira: energia minihidraulikoa eta energia eolikoa.
Hezkuntza eta dibulgazioaren alorrean, aipagarriak dira Oñatiko Natur Eskola eta Arrikrutzeko kobak. Informazio eta harrerarako gune nagusiak, berriz, Arantzazuko eta Araiako parketxeak dira; horiez gain, Zeraingo, Zegamako, Leintz Gatzagako eta Legazpiko museoek ere parkearen natura- eta kultura-ondarea ezagutarazten laguntzen dute.
Parkerako sarbide nagusiak Arantzazu eta Araiako parketxeez gain, Urkulu, Otzaurte eta Zalduondotik ere egiten dira.
Lotura interesgarriak
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen datu teknikoak
Aizkorri-Aratz Natura Parkearen datu praktikoak
KOBA
BURDIN MEATEGI ZAHARRA
IKUSPEGI OROKORRA
Natura-parkeko ibilbideak
Pasealeku irisgarriak
Ibilbide laburrak
- PR-Gi 106 Arrasate-Arantzazu erromesbidea (16.7 Km.)
- PR-Gi 3001 Aitzorrotz inguruak (12.2 Km.)
- PR-Gi 3002 Kurutzebarriko itzulia (18.8 Km.)
- PR-Gi 3003 Uraren bidea (7.5 Km.)
- PR-Gi 3004 Kontrabandisten bideak (12.8 Km.)
- PR-Gi 3005 Ezkutuko bidea (7.2 Km.)
- PR-Gi 3006 Urbiako xenda (11.1 Km.)
- PR-Gi 3007 Aizkorbeko urak jarraituz (13.7 Km.)
- PR-Gi 3008 Aizkorbeko burdinaren bidea (17.5 Km.)
- PR-Gi 3009 Aizkorriko ataria (18.4 Km.)
- PR-Gi 3010 Partzoneriako basoak (20.3 Km.)
Herri ibilbideak
Natura-parkeko parketxeak
- Arantzazu (Aizkorri-Aratz)
- Anduetza (Aizkorri-Aratz)