Aralarko mendizerra Nafarroa eta Gipuzkoako probintzien artean banatzen da. Gipuzkoako zatia osatzen duten 10971 Ha, natura-parkea bezala izendatuta dago. Aralar, duela 50 milioi urte altxaturiko goi-lautada da, eta kareharriz osatuta dagoenez, elementu horri loturiko leize, haitzulo eta lurrazpiko errekak jasotzen ditu. Parkearen azaleraren laurdena pagadiz estalita dago. Horien gehiengoak, Lizarrustiko gaina eta Balankaleku artean agertzen dira, Gipuzkoako pagadirik zabalena osatuz. Natura-ondarearen benetako harribitxia da.

Sustatzailea: GFA Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza
 

Natura-parkeko ibilbideak

Natura-parkeko parketxeak

Barandiaran (Aralar)

Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago. Museoak bi solairu ditu. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.

Informazio gehiago

Lizarrusti (Aralar)

Gutxi dira Aralar bezalako eremuak eta Lizarrusti haren atea da, naturaren eta gizakiaren arteko harremanak onduriko “kanpoko erakustareto” handienaren sarbidea.

1994an Aralar natura-parke izendatu zenean, Lizarrusti gainean aurkitzen den antzinako mikelete etxea parketxe izateko aukeratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordutik, aterpetxea, taberna, jatetxea eta Aralar natura-parkeko interpretazio zentroa daude bertan.

Informazio gehiago