Egun lau natura-parke daude Gipuzkoan, Aizkorri-Aratz, Aralar, Pagoeta eta Aiako Harria, lurraldearen %15 baino gehiago harrapatzen dutenak.
Benetako kultur paisaiez ari gara, gure ondare naturalaren eta kulturalaren arteko lotura zatiezina erakusten eta balioesten dutenak. Ez alferrik, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanak denboraren buruan errealitate fisiko konplexuak, gizatiartuak, sortzen dituenean, orduan, kultur paisaiez hitz egin genezake, eta Gipuzkoa, gizakiak hainbat milurtekotan taxututako mendi-erliebeekin, kultur paisaia bat zer den adierazten duen adibide garbi-garbia da.
Natura-parkeetako interpretazio eta harrera zentroak Gipuzkoako Gipuzkoanaturak kudeatzen ditu.

Pagoeta Natura Parkeak 1.335 ha. dauzka.
Eremuaren % 88 Aiako udal-barrutiari dagokio, eta beste zatia Zarautz eta Zestoako udalerriei. Natura parkea osatzen duten sail gehienak Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira, ipar isurialde edo Laurgain inguruan kokatutako 500 bat hektarea erosi baitzituen 1956an, eta beste 500 ha 1984an, hego isurialde edo Altzola inguruan zehazki.
Natura parkea Gipuzkoako itsasertz aurreko zonan dago, kostaldetik 5 km-ra, eta erliebe malkartsua du, garaiera-alde handiz, Pagoeta mendiko tontorraren 714 metroetatik natur parketik irten aurretik Manterola errekak igarotzen duen 50 m-ko kotaraino. Klima atsegina da, tenperaturak suabeak (12º C batez beste) eta prezipitazioak ugariak (1.600 mm-tik gora), urte osoan zehar banatuta.
Landaretza potentziala hostozabalen basoak dirateke: pagadiak 500-600 m-tik gora, eta hariztiak (Quercus robur) kota horretatik behera. Alabaina, egungo landaretza nekazaritza, abeltzaintza edo basozaintzak zertu duten natur baliabideen erabilera biziaren isla da. Hala, natura parkearen iparreko isurialdean hemengo bertako espezieak eta espezie autoktonoak dira estalgarria, nagusiki, zuhaitzik ez zeukan eremuaren parte handi bat estaltzearren joan zen mendearen erdialdetik aurrera egindako oihanberritze lanen emaitza. Hego isurian, aldiz, larreak eta txilardegiak dira nagusi, eta lehen bezala orain ere artzaintza-erabilera zertzen dute bertan; baso naturalak ere badira, ibarretan eta erreka-ertzetan mantendu dira eta.
1998an naturgune babestu izendatu zuten, bi arrazoi nagusi baitziren horretarako: balio naturalen kontserbazioa eta eremuan aisialdi, gozamen eta erabilera publikoarekin lotutako jarduerak garatzea, inguruko eskualdeetatik iritsitako biztanleria handiarentzat.
Pagoeta Natura Parkea Natura 2000 Sareko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) izendatu zuen 218/2012 Dekretuak. Bertan diren Batasunaren intereseko habitat naturalek eremuaren % 25 hartzen dute, natura parkearen balio naturalen parte dira, eta, lehendabizi, BIL izendatzea ekarri zuten. Hartzen duten eremua dela-eta, gorosti eta haginezko oihanpea duten pagadi azidofiloak eta mendiko zelaiak nabarmentzen dira.
Bestetik, erabilera publikora begira garatzen den jarduera azpimarratu behar da. Izan ere, duela 20 urte baino gehiago hasirik, hau da, natur parke izendatu aurretik, bazen bisitarientzako Informazio Zentro bat, eta ingurumen hezkuntza ere lantzen ari zen jada. Gaur egun espazio honen gaineko ezagutzak eta gozamen antolatuak natura parkearen kudeaketako jarduera nagusietakoa izaten segitzen dute, eta horretarako Iturrarango Informazio Zentroa, Agorregiko burdinola, Sagastizabaleko natura eskola, lorategi botanikoa eta hainbat laket eremu dira.
Lotura interesgarriak
Pagoeta Natura Parkearen datu teknikoak
Pagoeta Natura Parkearen datu praktikoak
ARGAZKI ZAHARRA
Natura-parkeko ibilbideak
Ibilbide laburrak
Herri ibilbideak
Ibilbide luzeak
Natura-parkeko parketxeak
- Iturraran (Pagoeta)