Natura-parkeak, Geoparkea eta biotopo babestuak
Aiako Harria natura-parkea
Aiako Harria natura-parkeak 6.913 hektareako azalera du eta, 800 metrotik gorako granitozko hiru tontorrek, oso itxura berezia marrazten dute: Irumugarrieta, Txurrumurru eta Erroilbide. Paleozoikoan sorturiko mendigunea izanik, Gipuzkoako materialik zaharrenak barneratzen ditu.
Aizkorri-Aratz natura-parkea
Aizkorri-Aratz natura-parkeak 19.400 hektareako azalera du eta Aizkorri-Aratz, Altzania, Urkilla-Elgea eta Zaraiako mendi tontorrek eraturiko lerroak, Bizkaiko Golkoa eta Mediterraneoaren urak banatzen ditu. Bertan sortzen dira Gipuzkoako ibai nagusietako hiru: Deba, Urola eta Oria.
Aralar natura-parkea
Aralarko mendizerra Nafarroa eta Gipuzkoako probintzien artean banatzen da. Gipuzkoako zatia osatzen duten 10971 Ha, Aralar natura-parkea moduan izendatuta dago. Aralar, duela 50 milioi urte altxaturiko goi-lautada da, eta kareharriz osatuta dagoenez, elementu horri loturiko leize, haitzulo eta lurrazpiko errekak jasotzen ditu. Parkearen azaleraren laurdena pagadiz estalita dago. Horien gehiengoak, Lizarrustiko gaina eta Balankaleku artean agertzen dira, Gipuzkoako pagadirik zabalena osatuz. Natura-ondarearen benetako harribitxia da.
Pagoeta natura-parkea
Pagoeta natura-parkeak 2.860 hektareako azalera du eta Urruztume eta Pagoeta tontorren magaletan hedatzen da. Goialde horietatik hasita, haginak eta gorostiak han-hemenka barneratzen dituzten pagadien eremua zabaltzen da. Hegoaldean Altzolarasko bailara zoragarria dago.
Geoparkea
Euskal Kostaldeko Geoparkea DEBA, MUTRIKU eta ZUMAIA udalerriek osatzen dute eta Kantauri itsasoaren eta euskal mendien artean dago kokatua. Lehen begiratuan, itsasertzetik barrurantz, bata bestearen atzetik dauden zelai eta basoak nabarmentzen dira. Baina beti gertatzen den bezala, benetako edertasuna barnealdean dago, eta leku honen interes benetakoa erraietan aurkituko dugu. Geologia da paisaia honetako egiazko protagonista, Lurraren historiako pasarte zirraragarrienak gordetzen baititu.
Deba - Zumaia biotopo babestua
Deba eta Zumaia arteko itsasertz babestu honek 8 kilometro inguru eta 4.299 hektareako azalera du. Biotopoak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu.
Iñurritzako biotopo babestua
Zarauzko Iñurritza errekastoak lagundurik, Kantauri itsasoaren aurrealdean zabaltzen den eremua da. 51,7 hektareako azaleran, euskal kostaldearen aurpegi ezberdinen adibideak barneratzen dira, itsaslabarrak, padurak eta dunak nabarmentzen direlarik.
Leitzarango biotopo babestua
Nafarroako mugatik eta Andoaingo herriguneraino, meandrotik meandrora modu sigi-sagatsuan doan erreka eta haren inguruko eremua barneratzen duen biotopoa da. Bai flora zein faunaren ikuspuntutik oso aberatsa den ingurua da, eremu urtar zein lehortarra uztartzen baititu. Biotopoa ordea, ez dago guztiz isolatuta, paisaia eta ingurune jakin baten osagaia besterik ez da.