Parketxeak eta interpretazio zentroak
Anduetza parketxea
Parketxea Zegamako Anduetza baserrian dago, Aizkorriren magalean, Aizkorri-Aratz natura-parkearen kultura eta paisaia aberastasunaz gozatzeko leku paregabean.
Aizkorri-Aratz natura-parkea ikusteko, sentitzeko eta interpretatzeko beste modu bat eskaintzen du; ez du parkeko natura aberastasuna bakarrik erakusten, honekin bat, mendeetan zehar naturaren eta gizakiaren arteko elkarbizitzak sortu duen paisaia kulturala ere azaltzen baitu.
Arantzazu parketxea
Parketxea Aizkorri-Aratz natura-parkearen bihotzean dago, Oñatiko Arantzazu auzoan, izen bereko santutegian.
Hiru solairutan banatuta, natura-parkeko osagai aipagarrienak ezagutzera ematen ditu, hala nola, paisaia karstikoak, pago motzak, abeltzaintzaguneak... Horretarako, maketa erraldoia, teknologia berriez hornituriko erakusketa iraunkorra, gela didaktikoak nahiz euskarri interaktiboak daude.
Aldamenean, bisitariek egonaldiak egiteko aterpetxea aurkitzen da.
Arditurri parketxea
Parketxea Aiako Harria natura-parkeko sarbideetako batean dago, Oiartzunen egon ere. Arditurrin meatze paisaia erabatekoaz goza daiteke, oraindik ikusgai baitira zerura irekitako harrobiak, zabortegiak, plano inklinatu zein lur-berdinketak, meatzeen sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea (gaur egun bide berdea dena). Gizakiaren aztarna are nabarmenagoa da lurrazpian, kilometroak dituzten galeriak baitaude.
Barandiaran Museoa
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago. Museoak bi solairu ditu. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.
Flyschenea
Zumaia, Deba eta Mutriku arteko itsaslabarrak gure planetaren historiaren 60 milioi urtetako informazioa gordetzen du. Egitura geologiko horri Flysch izena ematen zaio. Aipatu hiru udalerriek Euskal Kostaldeko Geoparkea osatzen dute, 2010 urteaz geroztik Europako eta Munduko Geoparkeen Sarean barneratuta dagoena eta 2015 urtean UNESCOren Munduko Geoparkea izendatu zutena. Hango ekosistema aberatsa eta konplexua da (200 espezie inguru bizi dira). Eremu hori Biotopo Babestua izendatu zen 2009an. Flyschenea Euskal Kostaldeko Geoparkeko flyscharen interpretazio zentro nagusia da.
Iturraran parketxea
Parketxea eta haren ingurua paradisu txiki bat dira. Parketxea, XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da.
Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutarazten laguntzen duen erakusketa iraunkorra, euskarri interaktiboak eta tailer didaktikoa daude Iturraranen. Baliabide horien bidez, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanaren berri ematen zaio bisitariari.
Lizarrusti parketxea
Gutxi dira Aralar bezalako eremuak eta Lizarrusti haren atea da, naturaren eta gizakiaren arteko harremanak onduriko “kanpoko erakustareto” handienaren sarbidea.
1994an Aralar natura-parke izendatu zenean, Lizarrusti gainean aurkitzen den antzinako mikelete etxea parketxe izateko aukeratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak. Ordutik, aterpetxea, taberna, jatetxea eta Aralar natura-parkeko interpretazio zentroa daude bertan.