Arditurri parketxea
Parketxea Aiako harria natura parkeko sarbideetako batean dago, Oiartzunen egon ere. Arditurrin meatze paisaia erabatekoaz goza daiteke, oraindik ikusgai baitira zerura irekitako harrobiak, zabortegiak, plano inklinatu zein lur-berdinketak, meatzeen sarrerak, ustiapen garaiko eraikinak eta garai batean minerala Pasaiako portura eramateko erabiltzen zen trenbide zaharraren bidea (gaur egun bide berdea dena). Gizakiaren aztarna are nabarmenagoa da lurrazpian, kilometroak dituzten galeriak baitaude.
Arditurriko meazuloak 2.000 urtez (Erromatar inperioaren garaitik) jarraian ustiatu dira, 1984an Real Compañía Asturiana de Minas delakoak lanak bertan behera utzi zituen arte, meatzaritza arloko lanek ez baitute etenik izan ia. Aurkitutako aztarnek agerian utzi dute, gainera, erromatarrak iritsi aurretik ekin zitzaiola mea ateratzeari. 2008an meatzeetako laborategiaren eraikin zaharra interpretazio zentro bihurtu zen. Ordutik, informazio euskarri modernoen bitartez, Aiako harria natura parkeko ondarearen aberastasuna modu bizi eta didaktikoan ezagutzera ematen da han.
Arditurri parketxearen kanpoko aldea

Arditurri meatzeen barnealdea

Arditurri meatzeen barnealdea

Arditurri Parketxea

Zuhaitz lepatuak

Tren berdea
Aiako harria Euskal Herriko formazio geologikorik zaharrenetakoa da (orain 250 milioi urte inguru azaleraturikoa). Gizakiak mende asko daramatza alderdi honetan bizitzen; horren lekuko dira parkeko hainbat lekutan dauden trikuharriak eta cromlechak. Beste ezaugarri aipagarria faunaren aberastasuna da, ez baita zaila sai arreak, sai zuriak edo pagausoak ikustea.
Inguruko harizti eta pagadi ederrak leku ezin hobeak dira oinez ibiltzeko eta, badaude, gainera, zuhaitz lepatuen (pago motzen) sail ederrak oraindik, XX. mendearen erdi aldea arte zura eta ikatza lortzeko erabilitako teknika bereziaren aztarnak. Egun, gizakiaren eta naturaren arteko harremanaren berri ematen duten kultur paisaiak ez ezik, hainbat intsektu bereziren bizilekua eta gordailua dira.
Hezkuntza Programa
Parketxearen hezkuntza eskaintza adin askotako pertsonentzat atondua dago; guztientzat egokitutako bisitak eta irteerak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak (geologia, meatzaritza, hegaztiak, zuhaitz lepatuak…). Honatx hezkuntza eskaintza:
Jarduerak
Arditurrin era askotako jardueretan parte hartzeko aukera dago:
-
TAILERRA: “Iparra galdu gabe” orientazio jolasa
Bertako inguruan zehar barreiatuz bisitariak froga desberdinak bilatu beharko dituzte “Iparra galdu gabe” ibiltzeko, Arditurri parketxetik abiatuz.
- Iraupena: 1h30min
- Prezioa: 4 €
- Taldeak (25tik behera): 100€
-
TXANGO GIDATUA: Mineralen bila
Mendi ibilaldi gidatua Aiako harria natura-parkearen eremuan barrena, Arditurri meatzaritza gunean, ustiatu ziren mineralen eta meategien arrastoak ikusteko.
- Iraupena: 1h30min
- Prezioa: 4 €
- Taldeak (25tik behera): 100€
-
TXANGO GIDATUA: Sai Arreak behatu
Irteera gidatua Aiako Harrian habiak egiten dituzten hegazti sarraskijale bizimodua eta ohiturak ezagutzeko, Teleskopio bidez ikusteko aukerarekin.
- Iraupena: 2h
- Prezioa: 5 €
- Taldeak (25tik behera): 125€
-
TXANGO GIDATUA: Oieleku, Mairubaratzeen bila
Kauso aparkalekutik abiatuta, irteera gidatua Aiako harria natura-parkeko eremuetan barrena, natura, paisaia eta mitologia uztartuz.
- Iraupena: 2h
- Prezioa: 5 €
- Taldeak (25tik behera): 125€
-
BISITA GIDATUA: ARDITURRIKO MEATEGIA
Arditurriko meategia ezagutzeko bi aukera daude:
- OINARRIZKO BISITA
Argiteriak eta soinu baliabideek bisitaria iraganeko garaietara eramaten dute. Izan ere, teknologia berriei esker, meazuloan bizitako giroa birsortzen da: arrokek erortzean egiten duten soinua, putzuen distiraz apainduriko isiltasuna...- Iraupena: 1h
- Prezioa: 6,20€
- Prezio murriztua: 3,60€
- MEATEGIA SAKONEAN
Lurraren erraietara jaitsi ahala, denboran atzera eramango duen abentura biziko du bisitariak. Meatzaritza modernoak erabilitako bagoneten bidean geldialdi berezia egiten da 2008ko udan arkeologia lanak burutu ziren gunean; denborak estalitako sekretuak ezagutzeko parada izaten da han.- Iraupena: 1h 15min
- Prezioa: 8.55€
- Prezio murriztua: 7.40€
- OINARRIZKO BISITA
Kokapena
Arditurri parketxea Oiartzungo Ergoien auzoan dago.
- Helbidea
- Arditurri bidea 3, 20180 Oiartzun
- ETRS89 koordenatuak
- X: 597003
Y: 4793056 - Harremanetarako
943 49 42 48 / 688 895 068
943 49 45 21 (turismo bulegoa)
arditurri@gipuzkonatura.eus
Nola iritsi?
Arditurri parketxea Oiartzungo Ergoien auzoan dago. Bilbo-Behobia autobidetik iritsiz gero, Oiartzungo nahiz Irungo irteerak har daitezke. Ondoren, Oiartzundik Irunerako errepidea (GI-3631) jarraitu, eta, segidan, Lesakarako GI-3420 errepidea hartu behar da. Ergoien auzunea pasa ondoren, Arditurrira eramaten duen saihesbidean irten, aparkalekura iritsi arte. Handik parketxeraino 300 metro daude.