Barandiaran Museoa
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio auzoko Larruntza errotan dago. Larruntza errotaren lehenengo aipamenak XV. mendekoak dira; historia luzea du, beraz. 2003an Eusko Jaurlaritzak monumentu-multzo izendatu zuen. Eraikinak antigoaleko itxurari eutsi dio, baina barrua teknologia berrienez hornitua dago. Museoak bi solairu ditu. Goikoan Barandiaranen bizitza azaltzen da, ikus-entzunezko baten bidez lehenik eta, ondoren, biografia-gelan, pantaila eta bideo didaktikoen bitartez. Beheko solairuan arkeologia eta etnografia alorrean berak egindako lanen garrantzia azpimarratzen da, errepliken, bideoen eta beste zenbait baliabideren bitartez. Larruntza errotaren ondoan Errotatxo izeneko bigarren errota eta uraren indarrak mugitutako zerrategia daude, beren aldaparo eta guzti. Egitura horiek guztiek multzo hidrauliko ikusgarria osatzen dute.

Barandiaran Museoa kanpotik ikusita

Barandiaran Museoa barrutik

Errotatxo

Haurrak parketxearen aktibitate batetan

Haurrak parketxearen aktibitate batean taloak egiten
Joxe Migel Barandiaran Aierbe 1889an Ataungo Peruenezar baserrian jaio zen eta 1991n hil jaioterrian bertan, gerraostean, erbestetik itzuli zenean, eraikitako Sara Etxean hain zuzen. XX. mendeko euskal ikertzaile garrantzitsuenetako bat izan zen. Etnologia, antropologia, arkeologia eta mitologiaren alorretan lan garrantzitsuak egin zituen. Barandiaran Museoan ekarpen horren garrantzia azpimarratzen da eta bisitariek haren bizitzari eta lanari buruzko ikuspegi zabala eta sakona izan dezaten ahalegina egiten.
Ataunen eta Aralarko Natura Parkean barrena egin daitezkeen ibilbideei buruzko azalpenen bila urte osoan zehar gerturatzen diren bisitariarentzako informazio puntu ere bada Barandiaran Museoa. Lan hau Lizarrustiko Parketxearekin batera burutzen da, ez alferrik, bi guneek Aralarko Parketxe Hedatua osatzen baitute.
Hezkuntza Programa
Barandiaran Museoko hezkuntza eskaintza adin askotako pertsonentzat atondua dago; guztientzat egokitutako bisitak daude, askotariko gaiak lantzen dituztenak (mitologia, arkeologia, etnografia, euskal kultura…). Honatx hezkuntza eskaintza:
Jarduerak
Barandiaran Museora etortzea euskal kulturaren muina ezagutzea da. Etorkizuna ez ezik, iragana ere gurea delako. Horregatik, antolatzen diren jarduera gehienek euskal kulturarekin dute zerikusia. Hona hemen zenbait adibide esanguratsu:
-
Ikasiz ere goza daitekeelako, errotatxoa bisitatuz eta zerealak landuz, euskal kulturaz zerbait gehiago ikasteko aukera dago, norberak egindako eta txokolatez betetako talo goxoa janez, noski!
- Iraupena: 1,5 ordu
- Helduak: 5€
- Haurrak (3-12 urtekoak): 5€
- Taldeak (25tik behera): 125€
-
Mitologian oinarritutako erronka jolas berria da. Barandiaranek egin zuen bezala, ibilaldi bat gauzatuz, pertsonaia mitologikoen urratsen atzetik San Gregorio auzoa ezagutuko da, kondairak ezagutuko dira eta azken erronka osatu beharko da. Ausartuko al zarete?
- Iraupena: 1.5 ordu
- Helduak: 6€
- Haurrak (3-12 urtekoak): 4€
-
Bisita gidatua museora eta antigoaleko errotara. Barandiaranen bizitza eta lana ezagutzeaz gainera, errota eta zerrategia martxan ikusteko aukera dago.
- Iraupena: 1.5 ordu
- Helduak: 4€
- Haurrak (5-12 urtekoak): 3€
-
Bisita gidatuak Barandiaran museoan izango du abiapuntua eta, han, hasteko, Jose Migelen bizitzaren eta lanaren gako nagusiak azalduko dira, ikus-entzunezkoen eta gidariaren azalpenen bitartez. Jarraian, 10-15 minutuko ibilaldia egiten da herri bidetik Sara etxeraino; Barandiaranen etxea eta bere eguneroko bizitzako txokoak zein objektuak ezagutuko dituzte han lehioen bitartez.
- Iraupena: 2 ordu
- Helduak: 6€
- Haurrak (14 urtetik gorakoak): 6€
- Taldeak (25tik behera): 150€
-
Ataungo San Martin auzotik San Gregorio auzoraino doan herri bidean (Sara ibilbidea) txango gidatua (4,4 km inguru). Bertan landuko dira, hainbat geldiune eginez, Ataungo kondaira mitologikoak, lanbide zaharrak, Barandiaranen jaiotetxe eta bizitokiaren garrantzia, etab.
- Iraupena: 3 ordu
- Helduak: 6€
- Haurrak (3-12 urtekoak): 4€
- Taldeak (25tik behera): 150€
-
Lizarrustiko parketxetik abiatuta, Aralarko erraietara eramango gaituen bideari ekingo zaio. Pagadi zabala, bidezidor atsegina, erreka, arroila eta txondor plazaren bat bidean. Azkenik, Lareo urtegiko ingurune ederretara iristen da. Handik gertu, zailtasunik gabeko espeleologia esperientzia bat bizitzeko aukera egongo da, hagin baten azpian kokatzen den Lareoko kobazuloan barneratuko garelarik.
- Iraupena: 4 ordu
- Helduak: 6€
- Haurrak (3-12 urtekoak): 4€
- Taldeak (25tik behera): 150€
-
Iztueta Baserrian esnetan bizi dira. Belaunaldietako esperientzia dute esne behiekin lan egiten. Bisitan bere abereak, ukuilua, zelaiak, esnetegia eta baserria erakusten dute. Baserriko bizimodua ezagutzeaz gain ekoizten dituzten kalitate handiko produktuak dastatzeko aukera ere izaten da, eta, bide batez, inguruko paisaia paregabeaz gozatzekoa.
- Iraupena: 2 ordu
- Helduak: 12€
- Haurrak (3-12 urtekoak): 6€
- Taldeak (25tik behera): 300€
Kokapena
Barandiaran Museoa Ataungo San Gregorio aurkitzen da, Larruntza errotan hain zuzen. Ataun Gipuzkoako hego-sortaldeko ertzean dago, Goierriko eskualdean. Probintziako udalerririk luzeena da, 14 km baititu alde batetik bestera. Museoa, udaletxea dagoen San Martin auzotik 3 bat kilometrotara kokatzen da.
- Helbidea
- Larruntza Errota z/g San Gregorio, 20211 Ataun (Gipuzkoa)
- ETRS89 koordenatuak
- X: 566693
Y: 4758717 - Harremanetarako
943 18 03 35
688 895 069
barandiaran@gipuzkoanatura.eus
Nola iritsi?
Ataunera iristeko, N-1 errepidea Beasainen utzi eta Lazkaoko noranzkoa hartu behar da, Gi-120 errepidea jarraituz. Nafarroatik etorriz gero NA-120 errepidetik irits daiteke.