null Arantzazu (Aizkorri-Aratz)

Ezagutu Arantzazu parketxea

Parketxea Aizkorri-Aratz natura-parkearen bihotzean dago, Oñatiko Arantzazu auzoan, izen bereko santutegian.

Hiru solairutan banatuta, natura-parkeko osagai aipagarrienak ezagutzera ematen ditu, hala nola, paisaia karstikoak, pago motzak, abeltzaintzaguneak... Horretarako, maketa erraldoia, teknologia berriez hornituriko erakusketa iraunkorra, gela didaktikoak nahiz euskarri interaktiboak daude.

Parketxearen atzeko aldetik Arantzazuko ibilbide irisgarria irteten da, herritar guztiek, urritasunen bat dutenek barne, Aizkorri-Aratz natura-parkea eta haren ezaugarriak ulertzeko aukera izan dezaten. Hain zuzen, 1,6 km-tan zehar bi metroko zabalerako pasealekua dago, hormigoizko lurzoruarekin eta ikusmen ezintasuna dutenentzat pista distalarekin. Ibilbide osoan eserlekuak eta plataformak daude, baita ere hesi babesgarriak. Berebat, han hemenka, informazio panelak, behatokiak eta animalien maketak daude, ukimen bidez bertako natura ezagutzeko aukera ematen dutenak.

Hezkuntza Programa

Arantzazu parketxean Aizkorri-Aratz natura-parkeko ondarea oinarri duten jarduerak antolatzen dira, herritar guztientzat egokituak. Ingurunearen berri emateaz gainera, gizakia nola bizi izan den eta nola lan egin duen azaltzen dute. Honatx hezkuntza eskaintza:

Jarduerak

Aizkorri-Aratz paisaien edertasunarengatik eta flora zein faunaren berezitasun eta aberastasunarengatik nabarmentzen da, baina Historiaurretik atzo arte gure arbasoek utzitako hainbat aztarna eta istorio ezagutzeko parada ere ematen du. Hona hemen zenbait adibide:

  • BISITA GIDATUA PARKETXEAN

    Aizkorri-Aratz natura-parkeak gordetzen dituen altxorrak ezagutzeko aukera paregabea.

  • ARANTZAZU EZAGUTUZ IBILALDI GIDATUA

    Laburra eta erraza. Arantzazu auzoan eta ibilbide irisgarrian barrena burutzen da. Izan ere, Arantzazuk helarazten duena bizi daitekeen toki gutxi daude, naturak eta arteak bat egiten baitute bertan, bisitariek, bata eta bestea osotasun banaezin bat bezala berrinterpreta eta senti dezaten eraginez.

  • IBILALDI GIDATUAK AIZKORRI-ARATZEN

    Natura-parkeko sarea osatzen duten ibilbideen bitartez, bertako ondare naturala eta kulturala ezagutzeko aukera dago. Mota guztietako bisitarientzat egokitutako irteerak daude, norberak bere gogo eta beharren arabera aukera ditzan.

Kokapena

Parketxea Arantzazuko santutegiko Gandiaga Topagunea II eraikinean aurkitzen da. Oñati udalerria Gipuzkoako hego-sartaldean dago, Debagoiena eskualdean. Gipuzkoako udalerririk handiena da, guztira 108 kilometro koadroko azalera baitu. Arantzazu auzoa herrigunetik 10 km-ra dago.

 
Helbidea
Gandiaga Topagunea II, 20567 Arantzazu-Oñati (Gipuzkoa)
ETRS89 koordenatuak
X: 548801
Y: 4758758
Harremanetarako

943 78 28 94
699 335 183
arantzazu@gipuzkoanatura.eus

Nola iritsi?

Donostia edo Bilbo aldetik iristeko, A-8 eta AP-1 autobideak har daitezke, hurrenez hurren. Gasteiz aldetik, berriz, AP-1 autobidetik etorri behar da; Arrasateko irteeran (16. irteeran) hura utzi, Bergara norabidean aurrera egin eta San Prudentzioko biribilgunean GI-2630 hartu behar da, Oñatirantz. Hemendik Arantzazuko santutegiko norabidea jarraitu, 10 km-ko igoeran. Arantzazun, aparkalekuaren gaineko aldean dago Gandiaga Topagunea II.

Arantzazu (Aizkorri-Aratz)-tik ibilbideak