null Iturraran (Pagoeta)

Ezagutu Iturraran parketxea

Parketxea eta haren ingurua paradisu txiki bat dira. Parketxea, XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserri ederra da.

Pagoetako ingurune fisikoa eta etnografikoa ezagutarazten laguntzen duen erakusketa iraunkorra, euskarri interaktiboak eta tailer didaktikoa daude Iturraranen. Baliabide horien bidez, naturaren eta gizakiaren jardueraren arteko harremanaren berri ematen zaio bisitariari.

Parkea ezagutzen hasteko, Iturraran parketxera gerturatu eta dauden aukerez galdetzea da egokiena. Hortik aurrera, dituen asmo eta lehentasunen arabera, norberak aukera dezake zer egin: erakusketa ikusi, lorategi botanikoan murgildu, erlategi didaktikoa bisitatu, mendiko ibilaldia egin...

Pagoeta natura parkeak 2.860 ha-ko azalera du; zati handiena Aiako udalerriaren barnean dago eta gainerako lurraldea Zarautz eta Zestoaren artean banatzen da. Izena 678 m-ko altuera duen Pagoeta mendiari zor dio. 1998an izendatu zuten natura parke. Gipuzkoako Foru Aldundiak zeukan barruti batzuetan du jatorria.

Landaretza, oro har, atlantikoa da, klima epel eta euritsura egokitutakoa. Batetik, Quercus robur espezieko zuhaitzez osaturiko hariztiak, erreka bazterretako zein etengabe heze dauden laiotzetako haltzadiak eta pagadiak daude. Bestetik, Altzolarasko arroilako kareharrizko harkaiztegietan batik bat, badira zuhaitz hostoerorkorren baso misto ederrak, ezkiak, basagurbeak, hostazuriak, haginak, nahiz lizarrak dituztenak. Jakina, ez dira falta belardiak, baratzeak eta ohianeztatutako baso sailak.

Horrenbestez, ez da harritzekoa Pagoeta animalia espezie ugariren bizilekua izatea. Hain zuzen, ingurumena aberatsa izateak, aske bizi direnekin batera, Euskal Herrian galbidean dauden bertako arrazetako animaliak egotea ahalbidetzen du, betizuak eta pottokak kasu.

Ikusi Pagoetako ikusentzutekoa

 

Hezkuntza Programa

Iturraranen, HHtik hasita, Batxiler arteko ingurumen heziketa jarduerak eskaintzen dira. Horretaz gain, txango eskaintza zabala dago, ikastetxeei, familiei nahiz elkarteei zuzendua. Fauna eta landaretza, erleen mundua, elikadura, ekosistemak, Agorregiko burdinola eta errotak dira eskaintzak lantzen dituen edukietariko batzuk.

Ikusi honako bideoak:

        

        

        

 

Jarduerak

Pagoetako natura eta gizakiaren urratsa ezagutzen eta ulertzen laguntzeko, Iturraran parketxean askotariko jarduerak eta bisitak burutzen dira:

  • BISITA GIDATUA ITURRARAN BASERRIAN

    Baserriko bizitza eta lanak azaltzen dira.

    Bisita gidatuak
  • AGORREGIKO BURDINOLA ETA ERROTAK

    Industria aurreko lanbideak ezagutzera ematez gain, antzinako errota eta burdinola nagusia martxan ikusteko aukera ematen da.

    Agorregiko burdinola eta errotak
  • ERLEEN TAILERRA

    Erleek ekosisteman duten garrantzia ezagutu eta bizi. Zuzeneko behaketak eta tailerra.

    Erlategiko bisitak
  • ITURRARANGO LORATEGI BOTANIKOAREN BISITA

    Bost kontinenteetako landaretza ezagutzeko parada ezin hobea. Landare berezien azoka ere egiten da bertan udaberrian.

     

    Bisitak lorategi botanikoan
  • ORIENTAZIO ZIRKUITUAK

    Orientazio zirkuituak familian zein bakarka, ibilian edota jolasean egiteko.

    Orientazio zirkuituak
  • IBILALDI GIDATUAK PAGOETAN

    Natura parkeko sarea osatzen duten ibilbideen bitartez, ondare naturala eta kulturala ezagut daiteke. Mota guztietako bisitariei egokitutako irteerak antolatzen dira, norberak bere gogo eta beharren arabera aukera ditzakeenak.

    Parketxeko bisita

Kokapena

Pagoetako natura parkea Gipuzkoako kostaldetik gertu dago, Zarauztik eta Oriotik oso gertu eta Donostiatik 20 kilometro eskasera.

 
Helbidea
Laurgain Auzoa 12, 20809 Aia (Gipuzkoa)
ETRS89 koordenatuak
X: 568530
Y: 4788891
Harremanetarako

943 83 53 89
iturraran@gipuzkoanatura.eus

Nola iritsi?

Autoz: AP8 autobidean Zarauzko (38 zenb.) edota Orioko (33 zenb.) ordain lekuan irten eta N-634 errepidea hartu.

Zarautz eta Orio arteko gainean (Zudugarain), N-634-a utzi eta Gi-2631 errepidea hartu, Aia-Villabona norabidean.

Zudugaraitik 4 kilometrora Iturraran parketxea jartzen duen seinalea dago.

Bi aparkaleku ditu parketxeak, bidegurutzean autobusentzakoa eta 300 metrotara autoentzakoa.

Parketxea autoen aparkalekutik 150 metrotara dago.

Autobusez iristeko, erabili Lurraldebus autobus garraio zerbitzua, UK08 lerroa.

Iturraran (Pagoeta)-tik ibilbideak