Kalamua azpiko ermitak ( Kalamua gabe)
Kalamuako lepora igo gabe Arratera itzultzeko aldaera laburra.
Errotarrien bidea
Ibilbide honetan Usurbilgo San Esteban ermitatik hasi eta Andatza tontor ezagunari itzulia emango diogu. Baso eder, ikuspegi panoramiko eta batez ere ondarea izango dugu protagonista gure bidean. Herri mugarriak, errotarri harrobiak eta monumento megalitikoak aurkituko ditugu eta honek gure herriak harriarekin izan duen erlazio estuari buruz hausnarketa egiteko aukera emango digu.
Hartzaren Urratsa Oñati-Bergara
Bosgarren etapa honi Oñatin ekin orduko, aldapan gora egin beharko dugu. Larraña auzoan hasi eta Arranoiatzeko tontorrera iritsi arte, aldazgora ez zaigu gutxituko. Handik eta etapa amaieraraino, ordea, desnibela galtzen joango gara poliki-poliki. Deskargako lepora jaitsi ondoren, Vascongados trenbide zaharraren bidea hartuko dugu eta honek Antzuolako Uzarraga auzora eramango gaitu modu erosoan. Antzinako trenbide horri jarraituz, Bergarako herrigune zaharreraino helduko gara.
Errenteriako parkeetako Ipar martxa bidea
Errenteriako parke batzuk lotzen dituen ibilbide hau edozein herritarrek oinez disfrutatzeko diseinatu du Urdaburu Mendizale elkarteak, Errenteriako Udalaren laguntzarekin. Baina ibilbide berri hau, bereziki ¡par Martxa edo Nordic Walking jarduera burutzeko aproposa den kirol instalazio bezala diseinatu da. Maila guztietako kirolariei zuzenduta dagoen bide urbano hau, oztoporik gabekoa eta inklusiboa, Errenteriak dituen kirol aukera guztien artean bat gehiago izango da.
"Hartzaren Urratsa" Bergara-Arrasate
Debagoiena oinez ezagutzeko lehen etapa hau Bergaran hasten da. Herrigunea zeharkatu orduko, aldapan gora Goiauzora joko dugu. Handik, Angiozarko Partaitia auzuneko baserrietatik pasatu eta Elgetako Asentzio ermitara helduko gara. Intxorta mendiaren azpitik igaro ondoren, Bizkaia eta Gipuzkoako muga-lerrotik Kanpanzargo mendateraino eramango gaitu bideak. Aurrerantz jarraituz, Udalaitz mendi ederraren magaletik Udala auzora iritsiko gara, goitik behera Arrasateko herrira jaisteko.
Hartzaren Urratsa Araotz-Oñati
Oñatiko Araotz auzoan ekingo diogu laugarren etapari. Lehenik Jaturabeko urtegira joko dugu errepide bazterretik eta Arrikrutzeko kobaren sarreraraino hurreratuko gara, handik baserri-bideetatik zehar Arantzazuko santutegira iristeko. Hemen hasiko da gaurko aldaparik latzena, Biozkorniako lepora ailegatu arte ez baitugu atsedenik izango. Bizkorniatik aurrera, ordea, dena beherantz egitea tokatu zaigu, Kataberaraino lehenengo eta, bide zaharrak erabiliz, Oñatiko Murgia auzoraino ondoren. Hutsa falta zaigu Oñatiko herrigunera heldu eta etapa amaitzeko.
Hartzaren Urratsa Arrasate-Gatzaga
Arrasateko Monterron parkean hasiko dugu bigarren etapa hau. Herrigune zaharra atzean utzi, San Andres auzorantz abiatu, autopista azpitik pasatu eta aldapari helduko diogu, Bedoñara iritsi arte. Handik beherantz, Larrino auzotik igaro eta gero, erraz ailegatuko gara Urkuluko urtegira. Jarraian, Aretxabaletako Areantza auzoa Eskoriatzako Mendiolarekin lotuko dugu eta auzo-bideetatik ia beheko kaleraino hurbilduko gara. Azkenik, aldapan gora Atxorrotzeko tontor ermitaduna harrapatu ondoren, goitik behera Leintz-Gatzagako hiribildu historikoraino joko dugu etapa amaitzeko.
Hartzaren Urratsa Gatzaga-Araotz
Aizkorri-Aratz Parke Naturalean barneratuko gaituen hirugarren etapa menditsu honi Gatzagako herrian emango diogu hasiera. Gatz Museotik pasatu ondoren, Dorletako santutegiraino igoko gara, baina aldatsa ez da hor bukatuko, Makatzagain aldera inguratu arte, pagadi artean gora egin beharra dago eta. Handik Leizargarateko lepora heldu eta Deguriako zabalguneraino jarraituko dugu. Andarto mendiaren azpitik igaro eta Ugastegira iristean, Oñatiko Araotz auzoraino jaitsiko gara etapa burutzeko.