Atzealdea Arditurri eguna

2025 / 07 / 13
Arditurri eguna 2025

Urtero bezala, Oiartzungo Udalarekin lankidetzan, Arditurri eguna antolatu du Gipuzkoakoako Parketxe Sarea fundazioak.

Ospakizuna uztailaren 13an izango da, igandez eta jarduerak goizeko 10:30etan hasiko dira. Hain zuzen ordu horretatik aurrera, eguerdiko 14ak arte, doako bisitak izango dira Arditurriko meategi nagusira. Baina ez hori bakarrik, urtean behin edo birritan baino irekitzen ez den Arditurri-3 erromatar garaiko meatze galeriara sartzeko aukera izango baitute bertaratzen direnek (14 urtez gorakoek bakarrik).

11tatik aurrera jolasak eta tailerrak izango dira Abaraxka ludotekaren eskutik gazteenentzat. Ordu berean Luberri-k antolaturiko fosilen tailerra egongo da adin guztikoentzat.

Goizeko 11:30etan euskal makila (borroka) jokoaren erakustaldia izango da ondare hori gordetzeaz eta berreskuratzeaz arduratzen ari den Oiartzungo elkarteak eskainita.

12:15etan hegazti askatzea izango da, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Basabizi zentroan fauna jasotzeko, sendatzeko eta berreskuratzeko egiten den lana ezagutzera emango da, baita zenbait hegazti bertatik bertara ikusteko aukera ere.

Goiz osoan zehar jan-edari zerbitzua egongo da eta, nola ez, zuzeneko musika ere izango da.

Esan gabe doa nahi duena bizikletan edota oinez bertara daitekeela. Hain zuzen, aurreko urteetan bezala, bizikletak uzteko toki egokitua prestatu dute antolatzaileek.

Nekez izango da igande goizaz gozatzeko aukera hoberik egun horretan.

Meategitara sartzeko ez da aurre-erreserbarik egingo: sarrerak egunean bertan banatuko dira (plaza mugatuak daude).

Informazio gehiago izateko: 943494248 / 688895068 / arditurri@gipuzkoanatura.eus.